XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Problema normalizazioarena da, ez UZEIrena (hots, UZEIn hainbat langile dagoela, dirua behar duela, ofizialtzea ondo etorriko litzaiokeela, etab., sekundarioak dira erabat).

Gure planteamenduan UZEItik hasten bagara, kondenatzeko nahiz defendatzeko, gaurko UZEI konkretu horrek inportantzia haundia dauka orduan, eta UZEI horri buruz kontsiderazioak egiten luza gintezke: zer komeni zaion eta ez, zer eman lekiokeen eta ez, merezi duen ala ez, ibil gintezke.

UZEIkoentzat berentzat horrek bere pisua izango du, beste guztiontzat ez da pasatzen oso pisu erlatiboa izatetik.

Baina gure planteamenduan normalizazioaren beharretik hasten bagara, eta normalizazioaren erantzukizuna Gobernuari aitortzetik, gauzak arras bestela agertzen dira eta Sarasolaren arrazoiak, barka, nefastoak dira.

UZEIren kontra egon liteke normalizazioaren kontra egon gabe.

Baina UZEIren kontrako Sarasolaren arrazoiak horiek badira, horiek normalizazioaren kontrako arrazoiak dira azkenean.

Ia ez da kontua UZEI ofizialtzea edo ez ofizialtzea; UZEI gehiago sortzea edo ez sortzea: Gobernua eginkizun horretatik arras libre eta kanpora uztea da, olinpoan, neutral, ikuspegi eta joera guztiei lagunduz, h.d., normalizazioa ez egitea eta kito.

Mitxelenaren, Sarasolaren eta Ibarzabalen tesia hori baldin bada, mesede haundia egingo digute garbi-garbi horrelaxe esanez, prioritateak eta atereaz, edo inposaketaren kalteak eta alferrikakoak aipatuaz, zeharka ibili gabe.

Dena dela, hau dena, edozeinek ikusten du, hizkuntzalaritzatik oso urrun dabil.

Honez gero, zientifikoen eta zientziaren distirak itsu samartzeraino liluraturik dagoena bakarrik etor dakiguke, eztabaida honetan jakintsu haundiak alde batetik eta bestetik kaka hutsak edo dabiltzala esanez.

Arazoak egiaz zientifikoak direnean, linguistikoak (ez sozio-linguistikoak, are politikoak), ongi dago linguista haundiak eta kaka hutsak bereizten jakitea eta bakoitzari bere lekua seinalatzea.

UZEIrekin lanean ibili garen jende honek, bereziki sokratikoak izan gabe, ondo samar dakigu ez dakigula.

Baina linguistak, linguistikatik zeharo kanpora ateratzen badira, politikara edo administraziora esate baterako, beste hango beren prestigioaz ez abusatzea eta lekuan lekuko beren gaitasunaz eta zientziaz baino ez baliatzea ere, egiaz jakintsu batentzat ez legoke batere gaizki.

Ez da hizkuntzalaritza, auzitan dabilena.

Eta ez liguke gaitzik egingo mailak eta barrutiak bereizten jakiteak.

Gobernuak, esate baterako, ez dauka zerikusirik linguisten biltzarre batekin.